XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GRÉGOIRE eta biok bere etxera joaten gara egunero, unetxo bat bederen igarotzera.

Irrikitan egoten naiz horren zain. Azkeneko bi urtean, orduak baratx joan dira lizeoan, eta, azkeneko txirrin hotsak jo orduko, baretu egiten dira hormak, pasilo luzeak, Berriau jaunaren ahots metal antzekoa.

Orduan atseden gustua hartzen dut, eta beste garaia hasten da.

Kanpoaldean biltzen gara, eta elkarri hitzik trukatzeke, gainerako ikaskideei begiradarik emateke, jende-multzoa alde bat utzi eta bere etxera eramango gaituen bideari ekiten diogu.

Grégoirek ezin pentsa lezake niretzat une hori zer den. Harentzat ikastorduak amaitu ostean adiskide minarekin etxeratzeko garaia da.

Hori sumatzen dut, ohiko zerbait dela harentzat, eta ez du berezko aipamenik merezi. Niretzat, ordea, jaia da.

Grégoire, burumakur, arin ibiltzen da eta, pausoa egin bainoago, oinak botatzen ditu aurrera.

Bat-batean koskortu da udan, baina oraindik ez da ni beste goibehean.

Hala ere, haren ibilera arduragabea da nirearen aldean.

Ez da bakarrik jantzitako arropek, denak jasoak izanik, ematen diotela itxura hori: oso airoso eramaten ditu soinean, eta ni, ordea, irentsirik bezala sentitzen naiz neure zamarraren barruan, edo barregarri neure galtza motzegietan sartua.

Grégoireren janzkeraren izurak berak ere neurtutakoak dira, eta, bera jabetu ez bada ere, are apainagoa egiten du horrek nire begien aurrean.

Grégoireren albotik noa.

Saiatzen naiz haren pausoa laburtzen, geure txangoa luzatze aldera. Nik Suzanne dut buruan, haren arreba zaharra.